Skip to main content

"Umearen garapena eta afektibitatea denaren gainetik jarri behar da"

komunikazioa sortuta - 2023/03/29
Maite

Maite Arias irakasleak azken egunak igaro ditu ikastolan. Ikastolari agur esaten amaitzeko, bertako ibilbidearen esperientziak eta bizipenak partekatu ditu.

Noiz hasi zinen Larramendin lanean?

Orain dela 40 urte hasi nintzen Larramendin. Praktikak Asti Lekun (Portugalete) egin nituen eta gero 4 ikasturtez egon nintzen bertan, 5.mailan. Nire aita bertako bazkidea zen, nebak bertan ikasi zuen. Portugaletetik Mungiara etorri ginen bizitzera eta toki bat zegoenez hemengo ikastolan, leku aldatzea erabaki nuen. Guztira 44 urte eman ditut irakaskuntzan, 40 Larramendin izan dira. 

Orduan ikasle zirenen seme-alabak izango dituzu orain gelan.

Bai, aspalditik. Lehenengoa Amaia Markaidaren alaba izan zen (orain dela 14-15 urte) eta horrek ilusioa egiten du. Ume moduan ezagutu zenuen pertsona bat orain heldu moduan ezagutu duzu, erantzukizun guztiekin. 

Nola aldatu da irakaskuntza ordutik?

Gizartea aldatu den bezala, guraso motak ere aldatu dira eta horrek gure heziketa ere moldatzea eragin du. Gurasoek hezten duten erara egokitu behar da gure irakaskuntza. Gurasoek askotan esaten digute horrela ikastea gozada bat dela, ez eurek ikasi zuten bezala. Oraingo irakaskuntza naturalagoa da. Lehen umearen erritmoa eta izaera errespetatu barik egiten zen.

Zer nolako eragina izan du irakaskuntzak zure bizitzan?

Irakaskuntza arloan lan egin dudan mailek gauza asko aportatu dizkidate. Nire seme alabak hezteko eran ere eragina izan du. Umeak ulertzeko ere asko balio izan dit eta ama izateak gurasoak ulertzen ere lagundu dit. Arazoren bat duen ume bat baduzu gelan, zure semea edo alaba izan zitekeela pentsatu eta gurasoen lekuan jartzen zara. Lan honi esker hobeto ulertzen dituzu bai umeak, baita gurasoak ere. Nabaria da zein guraso dedikatzen diren irakaskuntzara eta zeintzuk ez.

"Gurasoen papelean eta umearen papelean sartzen laguntzen du irakaskuntzak"

Zer nolako gomendioa emango zenioke irakaskuntzan hasi berri den bati?

Umearen garapena eta afektibitatea denaren gainetik jartzeko. Gure etapan garrantzitsuena umearen sentimenduak ulertzea, umearen barruan sartzea eta batez ere afektibitatea izatea da. Idazten, irakurtzen ikasiko du.

Faltan botako dozu hemengo errutina?

Bai, egunero egunero umeak irakasten dotsuna eta umeak bere osotasunean.