Skip to main content

Aurkezpena

Gizabanakoa egon dagoen toki guztiak dira izatez hezkuntza guneak eta, bai formazioa eta bai baloreen lorpena etengabe egiten da, bizitza osoan zehar. Hala ere, eskola heziketak familia-heziketarekin batera izugarrizko garrantzia du haur eta gazteen formazioan horiei oinarrizko identitatea eta errealitatearen ikuskeraren eraikuntza ematen baitie ezagutza eta balorapen etikoa integratuz.

Familiekin koordinatuz, Ikastola da 18 urtez ikasleen formakuntza gunerik garrantzitsuenetako bat.

Larramendi lkastolak, beteak ditu 50 urte, eta hasierako euskal hezkuntzaren konpromezuari leialtasunez eutsiz, moldatu egin da guraso eta hezkuntza-zerbitzuak hartzen dituzten ikasleen itxarobide berri eta eskarietara, baita ere gizartean gertatzen ari diren aldaketa eta berrikuntzetara.

Hezkuntza-Proiektua komunitate osoak ulertzen duen egoera ideala deskribatzen duen agiria izanik, hara orientatuz ikastolako ekintza guztiak, erantzun behar die, alde batetik, eskakizun berriei eta gaur egun dauden aurrerakuntzei eta, bestetik, erakundea bera sortu zeneko arrazoiari.

Herri iniziatibaz, herritik eta herriarentzat, euskara eta euskal kultura sustatzeko asmoz sortutako ekimena da. Euskal Herriko beste ikastolekin batera Ikastolen Elkarteko kide gara eta Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba osatzen dugu.