FamiliaEskola

Zer da FamiliaEskola

“Ez dago heziketa-arrakastarik erlazio arin eta eraikitzailerik ez duten eskola eta familiarik gabe” J.A. Marina

FamiliaEskola gure seme-alaben garapen integralean parte hartzen duten agente guztien  parte-hartzearekin eraikitzen denaren uste osotik jaiotzen da, eta parte-hartze horretan, zelan ez, familia dago.  Familia eta eskola gure seme-alaben garapena ematen den testuinguru nagusiak dira, bertatik heziketa-baliabide nagusiak hartzen dituztelarik. Ezberdinak dira, bakoitzak bere hezkuntza-proiektua duelarik, baina batak bestea osotu behar du haurra ondo hezteko. Testuinguru bien arteko erlazio egokia bermatzen bada haurra hazteko egoera onean aurkituko da.

FamiliaEskola habi bat da, hegaz egiten ikas dezakegun lekua. Guraso, haur eta gazte, aitona-amona, osaba-izeba, lehengusu-lehengusin, profesional eta Larramendi Ikastolako heziketa-komunitateko kide guzti guztiek euren jakinmina eta interesa jarraituz garatu ahal izango dugun lekua, ikastun bakoitzak bere bidea aurkitu behar dugun lekua, ikastea eta bizitzea gauza ezberdinak ez diren lekua.

Gure topaketa lekua da, non, hezkuntza-giroan, kanpoko presio gabeko inguru lasai batean eta alkarrekin gozatuz geure buruak ezagutzeko eta gauza berriak aurkitzeko aukera izango dugun lekua. Elkarrekiko errespetuan oinarritutako giroa izatea nahi dugu, baita konfiantzan eta gainerakoetatik eta gainerakoekin ikasteko ahalmenean oinarritutakoa, helduak zein umeak izanik.

Gure habia ondo pentsatutako lekua da, gure konpetentziak eta gaitasunak garatzeko motibazioa aurkitzeko eraikia eta egokituta. Habia gutariko bakoitzaren beharrizanetara moldatzeko etengabeko egokitzapenean dago, horregatik jarduera bakoitza ezberdina da, nahiz eta oso serio landutako egiturazko gida profesionala mantendu.

Proposamen honen ideia gure zalantzak eta esperientziak partekatzeko konfiantzazko espazioa eta laguntza eskaintzea da, edota urtean zehar eskaintzen diren tailerretan parte hartzea, FamiliaEskolan bera osotzen duten pertsonei euren interesekoak izan daitezkeen eta eguneroko bizitzan aplikatu daitezkeen hezkuntza-gaiei buruzko informazioa eta formazioa eskainiz. Horretarako tailerrak, ikastaroak, mahai borobilak, elkarrizketak, ... burutuko dira. Landuko ditugun gaiak guztion arduretatik irtengo dira eta heziketa-komunitatea osotzen dugun guztion artean landuko ditugu.