Eman egun bateko bizia Ziburuko ikastolari

Kaixo, ikastolakideok

Dakizuen bezala, une larriak bizitzen ari da Ziburuko Kaskarotenea ikastola. Bertako auzapezak auzitara eraman du ikastola, egungo eraikinetik egozteko. Baionako auzitegian epaia galdu bazuen ere, Pauera jo zuen auzapezak, eta hango epaileak bat egin du haren eskariarekin. Joan den astean eman zuen epaia: Ikastolari iragan astearteko epea eman zion eraikina uzteko, handik aurrera, bertan jarraituz gero, eguneko ehun euroko isuna ordaindu beharko duela ohartaraziz.

Kaskaroteneak eraikin berean jarraitzen du, epe labur horretan ez baitu Ziburun beste lekurik topatu, eta nekez aurkituko baitu umeentzat egokia den beste eraikin bat. Egoera horren aurrean, asteartetik aitzina egunero ehun euroko isuna ordaindu beharko du.

Hori gutxi balitz bezala, auzapezak mehatxu egin du ikastolari ur eta argindar hornidura moztuko diola eta ikastola inguratzen duen segurtasun hesia kenduko duela. Mehatxua beteko balu, isunek eragindako gastuari argindarra sortzeko makinaria eta ur hornidura alokatzeko gastuak gehitu beharko litzaizkioke.

Txikia eta jaio berria da Kaskarotenea. Gurasoek ezin diote aurre egin gainera datorkien gastu gehigarriari. Hori horrela izanik, Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Batzordeak asteleheneko bileran erabaki zuen Kaskaroteneari laguntzeko diru bilketa kanpaina bat , "Eman egun bateko bizia Ziburuko ikastolari" deiturikoa, abiaraztea. Kaskaroteneari ezarritako isun bana ordain dezaten eskatzen die EHIk ikastola guztiei, elkartasun eta laguntza keinu gisa, eta euskal gizarteari egin zaion eskaeraren aurrean aitzindari eta eredu bihur daitezen.

Bide batez, “Eman egun bateko bizia Ziburuko ikastolari’ ekimena hedatzeko laguntza ere eskatzen zaizue ikastola guztiei.

Hauxe da diru bilketarako irekitako kontu korronte zenbakia.

Euskadiko Kutxa ES37 3035 0059 88 0590731027

Mila esker.

EHIko Artezkaritza Batzordearen izenean

Koldo Tellitu Mejia

EHIko lehendakaria