Pasar al contenido principal

Ibilaldia 2023

Creado por komunikazioa - 2022/06/24
ibilaldia 2023

Ondarroako Zubi Zahar herri ikastolak 'Xe' lelopean antolatuko du 2023ko Ibilaldia.

Ondarroako Zubi Zahar herri ikastolak antolatuko du 2023. urteko Ibilaldia, maiatzaren 21ean, "Xe" lelopean. Horrela, hirugarren aldiz ospatuko da Bizkaiko ikastolen aldeko festa Ondarroan, 1993ko eta 2011ko edizioen ondoren.

`2023ko maiatzaren 21ean ospatuko dugu Ibilaldia, eta familia zein lagunekin euskaratik eta euskaraz ospatzeko eguna izatea nahiko genuke, ikastola eta euskal kultura Euskal Herriko zirrikitu guztietara zabalduz´, adierazi dute arduradunek Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan atzo egindako aurkezpenean.

Azaldu dutenez, euskara eta euskal kultura ardatz dituen ikastola herrira zabaltzea; herriko eragile eta taldeekin harremanak sendotzea; hezkuntza komunitateak ikastolarekiko duen atxikimendua areagotzea; ikasleei auzolanaren garrantzia erakustea guraso eta ikastolako komunitate osoa eredu izanik; arkitektura pedagogia berrietara egokitzeko baliabide ekonomikoak lortzea dira 2023ko Ibilaldiaren helburu nagusiak.

Gainera, euskararen sustapena bultzatzea; sexu eta generoari lotutako rolak gainditzea; antolatzen diren ekintza guztietan jasangarritasunaren ikuspuntua izatea; Ibilaldia prozesu parte hartzailea izatea, ikastolako eta herriko eragile guztien artekoa; behar desberdinetako pertsonentzako Ibilaldia diseinatuz berdintasun-ezberdintasuna bultzatzea ere izango dira xede.

"Xe" leloari dagokionez, azaldu dutenez, hizkuntzarekin jolastu nahi izan dute, eta ´Ibilaldia geurera ekarri, geure gustuz busti´. Izan ere, Ondarroan Ibiladiari "Ibilaldixe" esaten diote, eta hortik hartu dute leloa: "Xe".